BLOGA
URRIAREN 20a, 2025
BADUGU HEMEN HERRI BABESAREAREN GIZA ESKUBIDEEN LEHEN EGIAZTAPEN MISIOARI BURUZKO TXOSTENA
Herri Babesareak uztailean Giza Eskubideen bere lehen egiaztapen-misioa burutu zuen. Horretarako herrialdea Kolonbia izan zen eta uztailaren 16tik 23ra bitartean egin zen. Herri Babesareko kide diren 4 udaletako 4 zinegotzik parte hartu zuten; Nagore Gomara, Laudioko Udaleko alkateordea eta Gobernantza Feminista, Hezkuntza eta Gazteriako zinegotzia; Aintzane Taberna, Pasaiako alkateordea eta Gizarte Ekintzako zinegotzia; Montserrat Jiménez, Bilarko Udaleko Berdintasun eta Ingurumeneko zinegotzia; eta Itsaso Lekuona, Hernaniko Udaleko alkateordea eta Berdintasun, Kultura Artekotasun eta Lankidetzako zinegotzia. Alboan izan zituzten Mundubateko Andrea López eta Kolonbiako Carolina Zamora, bertako gizarte eta erakunde sarea ezagutzen duen sistematizatzailea eta gida.
Misio honen helburua Kolonbiako hainbat errealitatetan giza eskubideen defendatzaileek bizi duten egoerari buruzko informazioa biltzea izan zen. Horretarako, hainbat topaketa egin ziren gizarte-erakunde eta mugimenduekin eta instituzioekin.
Misio horren ondorioz, txosten bat idatzi da, eta, bertan, jasotako informazioan oinarrituta, defendatzaileen egoera eta Kolonbian ematen den giza eskubideen urraketa deskribatzen dira, baita ondorio garrantzitsuenak atera eta gomendioak planteatu ere.
“GIZA ESKUBIDEEN DEFENDATZAILEEN EGOERA BEHATZEKO MISIOARI BURUZKO TXOSTENA”, joan den urriaren 14an aurkeztu zen lehen aldiz Ermuako udaletxean, eta datozen hilabeteetan aurkezten arituko gara Herri Babesarea osatzen duten beste udalerri batzuetan.
Txosten osoa eta laburpen exekutiboa https://herribabesarea.eus/txostenak/estekan daude eskuragarri.
APIRILAREN 11, 2025
PASAIAKO UDALAK “EMAKUMEAK ETA MIGRAZIOA PASAIAN” AURKEZTEN DU
Pasaiako Udaleko Migrazio eta Aniztasun Arloak, Berdintasun Arloak eta Gizarte Ekintza Sailak elkarlanean, jatorri askotariko emakume pasaitarrei laguntza emateko programa aurrera eraman dute.
Ikus-entzunezko honek migrazio-prozesua jasan duten emakume pasaitarrei ahotsa ematen die. Bertan, beraien bizipenak azaltzen dizkigute aurkitu dituzten zailtasunei aurre egiteko orduan. Oraingo honetan ditugun protagonistek dioten bezala, Pasaiako Udalak eskeitzen dien espazio honetan elkar aurkitu daitezke eta norbanakoaren migrazio-prozesuak partekatu.
Dokumental honetan, Herri Babesareko azkenengo Foru Ibiltarian gurekin egon ziren Giza eskubideen defendatzaile emakumeak entzuteko aukera ere dugu. Giza eskubideen defendatzaile izateak eskeini dieten ezagutza eta esperientzian oinarrituta, beraien ikuspuntua ematen digute migrazio-prozesuari buruz, bultzatzen dituzten egoerak eta arrazoiak salatuz.