Badator II. Foro Ibiltaria Herri Babesarearen esparruan: Giza Eskubideen Defendatzaileen Babeserako Euskal Udal Sarea. Sarearen barruko sendotasunean eta aurten modu birtualean egingo den foro ibiltari horren azalpenean lan egiten jarraitzeko, lanaldia eduki genuen 2020ko azaroaren 30ean.
Bertan, babes-sarea osatzen duten udalek eta ekimenaren erakunde bultzatzaileek parte hartu zuten. Era berean, Euskal Fondoa eta Arabako Foru Aldundia ere egon ziren, eta haien babesa oso lagungarria izango delakoan gaude, giza eskubideen erakunde defendatzaileak babesteko garatzen ditugun ekintzen eragina hobea izan dadin. Izan ere, gero eta handiagoak diren mehatxuen testuinguruan bizi dira, eta larriagotu ere egin dira COVID-19agatik sortutako osasun-egoeraren ondorioz. Hori dela eta, askotan, kontrol sozialerako zein zapalkuntzarako politikak ezartzen dira, eta gero eta gehiago kriminalizatzen da partaidetza soziala.
Topagune horretan, Natalia Biffik, REDSeko (Gizartea Eraldatzeko Elkartasun Sarea) eragin-arduradunak, parte hartu zuen, eta gidaliburu hau aurkeztu zuen: “Giza eskubideak, erantzukizun politikoko gaia: tokian tokitik giza eskubideak nazioartean sustatzeko eta babesteko gidaliburua”. Horren bidez, Europa mailan tokiko gobernuek erakunde defendatzaileen babeserako eta laguntasunerako abian jarritako ekimenak ezagutu ahal izan genituen, eta ekintza horiek Herri Babesarea eratzeko bidean inspirazio-iturri izango ditugulakoan gaude.
Azkenik, sarea sendotzeko barruko lana egin genuen, gure aurreikuspenetan, sentipenetan, gaur egungo egoeretan eta motibazioetan oinarritutako topagunea sortzeko moduko galderen bitartez. Horren ostean, foro ibiltarirako ekintza-proposamena azaldu zen, eta 2021eko otsailean egingo da, baina ez da zuzeneko formatuan garatuko, modu birtualean baizik. Foro horretan, 3 webinar eta eragin politikorako 3 bilera egingo ditugu Herri Bababesareako udalen eta giza eskubideen erakunde defendatzaileen artean, eta honako gai hauek izango ditugu hizpide:
- Lurraren eta lurraldearen defentsa
- Partaidetza sozialerako eremuen kriminalizazioa eta itxiera
- Emakume defendatzaileak, emakumeen eskubideak
Gai hauei buruz hitz egiteko, Mexikoko, Kolonbiako, Guatemalako, Honduraseko eta Mendebaldeko Saharako erakundeen partaidetza eta ahotsa izango ditugu.
Laster arte.