ZER DA HERRI BABESAREA?

Herri Babesarea giza eskubideen defendatzaileen babeserako euskal udal sarea da, eta bertan, Euskadiko zenbait udalek parte hartzen dute. Sareak udal-administrazioen, euskal gizarte-erakundeen eta hegoalde globaleko giza eskubideen defendatzaileen erakundeen arteko ahaleginak koordinatzea dauka helburu, tokian tokitik giza eskubideen defendatzaileen babesa sustatzeko asmoz.

Horretarako, sarearen esparruan, sentsibilizaziorako, komunikaziorako, egituraketarako eta eragin politikorako ekintzak garatzen dira, defendatzaileen laguntzarako eta babeserako sareak sortzen eta euskal biztanleak giza eskubideen defentsaren garrantziaren inguruan kontzientziatzen laguntzeko. Herri Babesarea Foro Ibiltariaren 3. edizioa 2021eko azaroaren 15etik 24ra egin zen, eta Euskadiko 10 udalek parte hartu zuten bertan. Horren bidez, giza eskubideen erakunde defendatzaile gonbidatuen indarkeriarik gabeko erresistentziak jarri ziren agerian, eta haien babesa sustatu zen, erasoen, mehatxuen, jazarpenen eta hilketen aurrean.

Herri Babesarea Mundubat Fundazioak bultzatutako ekimena da, eta Ciutats Defensores dels Drets Humans de Catalunya ekimena du inspirazio-iturri. Abian jartzeko orduan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntza ekonomikoa eta Euskal Fondoaren babesa ditu.

“Ez ditut aldatu ezin ditudan gauzak onartzen, onartu ezin ditudan gauzak aldatzen ari naiz.”

Ángela Davis Ekintzaile politikoa

ZERGATIK GIZA ESKUBIDEEN DEFENDATZAILEEN BABESERAKO UDAL SAREA?

Izan ere, giza eskubideen gaur egungo urraketa sistematikoa hain larria denez eta eskubideok defendatzearren bizia arriskatzen dutenei babesa eman behar zaienez, honako hauxe xede duten ekintza koordinatuak garatu behar dira:

Pertsona guztien elkarmenpekotasuna aitortzea eta planetako lekubatean garatzen diren ekintzek leku urrunetan eragin zuzena dutela kontuan hartzea.

Tokikoa globalarekin lotu beharra dagoela onartzea eta zenbait lurralde eta testuingururen arteko elkarrizketak eta trukeak sustatzea.

Eraginerako eta eraldaketarako eremu seguruen sorrera sustatzea, giza eskubideen defentsaren ondorioz errepresaliarik egon ez dadin; esate baterako, erasoak, mehatxuak, jazarpenak edo hilketak.

“2020an, gutxienez 25 herrialdetako 331 lagun hil zituzten
giza eskubideen defentsan garatzen duten lanagatik.
Lagun horien %69k lurraren, ingurumen-eskubideen
eta herri indigenen eskubideen defentsan lan egiten zuten.”*

*Front Line Defenders, “2020ko Azterketa Globala”

Tokian-tokian herritarren jarduketa-gunea eta elkartasuna berreskuratzeko orduan udalek duten gaitasuna nabarmendu eta balioetsi egiten du ekimen honek. Udal-lanari esker, hiri handietatik haratago deszentralizatzen ditugu ekintzak. Tokian tokikoa esparru globalarekin dago lotuta.

Informazioa osatzeko, bideoan bertan egin klik.