Joan den urriaren 16an, aldebiko topaketa, dei eta mezu elektroniko askoren ondoren, Aiete Jauregian elkartu ahal izan ginen azkenean. Honako hauexek heldu ginen bertara: ekimenean lan egiten egon ginen Mundubateko nahiz Nazioarteko Bake Brigadetako (PBI) taldeak eta babes-sarea eratu nahi zuten udaletako ordezkari politikoak zein teknikariak. Bete-betean egon ginen lanean egun hori iritsi zedin, eta, zer esanik ez, urduri samar geunden.
Enekok, Mundubateko presidenteak, eta Miriamek, PBIko Sentsibilizazioko arduradunak, esan zutenez, udal babes-sarearen aukerak aztertzeko moduko elkargunea eratu nahi genuen jardunaldi horretan, eta, erabaki hori hartuz gero, jardueren azalpenean egin nahi genuen aurrera, azaroan egin nahi genuen lehenengo foro ibiltariari begira.
Lekuratzeko eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen arlora gehiago hurbiltzeko, Isabel Limak eta María Gutiérrezek euren ikerlana aurkeztu zuten, “Babestu beharra”, alegia. Bertan, aztertu egiten dute estatuek giza eskubideak errespetatzeko, babesteko eta gauzatzeko betebeharra dutela eta erantzukizun hori botere publiko guztiek (betearazleak, legegileak eta judizialak) eta agintari publikoek ere badutela, haien maila edonolakoa dela ere (nazionala, eskualdekoa edo tokikoa). Ikerlan horrek interes berezia dauka udal babes-sarea eratzeko orduan, azaldu egiten digulako tokiko erakundeek, euren eskumenen esparruan, babesaren arloko neurri bereziak garatu ditzaketela eta, horretarako, egoera abantailatsuan daudela lurraldeetako sare sozialetik hurbil egotean.
Herri Babesarea ekimenak Kataluniako Ciutats Defensores dels Drets Humans esperientzia du inspirazio-iturri. Hori dela eta, ideia Euskadin bertan ernamuintzeko eta sendotzeko prozesu osoan, Comissió Catalana D’Ajuda al Refugiaten eta Fons Català de Cooperació al Desenvolupamenten aholkuak adi-adi entzun eta haien esperientzia izan dugu elikagai. Bene-benetan eskertu nahi diegu gurekin eskuzabaltasunez lan egin izana. Orduantxe, ezin gusturago entzun genuen Fons Catalàko Toni Royok Kataluniako esperientziari buruz azaldu ziguna.
Bere agerraldiaren ostean, Euskadin sarea eratzerik bazegoela sumatu genuen, proba egiteko eta geure eredua, konfiantzakoa, sortzeko garaia zela. Une egokia zen, elkar ezagutzeko eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko dugun betebeharra betetzeko asmoz zer sare ehundu genitzakeen ikusteko. Halaxe esan zuen Mónicak, Mundubateko Giza Eskubideetako arduradunak. Bere agerraldian, sarea bera elkargune egokia izango zela nabarmendu zuen, GGEE-en urraketa larria zela eta lanean bertan ahalegin koordinatuak egin behar zirela kontuan hartuta. Era berean, bere esanetan, udal-arloa funtsezko eremua zen, tokian-tokian herritarren jarduketa-gunea eta elkartasuna berreskuratzeko. Bestetik, berak esan zuenez, babesa bera izan behar zen helburu nagusi, zaurgarritasuna areagotu egin zela eta premia zein arrisku berezian dauden defendatzaileak honako arlo hauetan gero eta eskaera gehiago zituztela kontuan hartuta: segurtasun fisikoa, legezko laguntza, arreta psikosoziala, zainketak eta berehalako irteerak.
Une egokia zen, hitz egiteko, geure zalantzak eta ziurtasunak azaltzeko, elkar elikatzeko eta mahai gainean genituen ekintza-proposamenak zehazten hasteko. PBIko Miriamek koordinatutako elkarrizketa-gunea horretarako leku aparta izan zen. Aietetik irten ginenean, lan-agenda bateratua eta ibili beharreko bide luzea geneuzkan. Hau hasiera baino ez da.