HERRIEN BILTZARRA (“CONGRESO DE LOS PUEBLOS”) KOLONBIA
Herrien Biltzarra 2010az geroztik, herriek, sektoreek eta eskualdeek egoera nazionalaren eraldaketaren inguruan aurrera eramaten dituzten dinamika desberdinak biltzen dituen artikulazio-prozesu bat da, herritarrei bizitza duinaz gozatzeko aukera emango diena. Herrialdearen etorkizunerako eta orainerako herri-agindu bat lortzeko helburuarekin
lege-eraikuntza komun bat abiatzeko eta ahaleginak eta proposamenak batzeko prest dauden dinamika herrikoi eta sozial guztiei dei egiten zaie.
Herrien Biltzarra bide bat da, non «Aginduen Mandatua» deritzona lortu arte legeak egin nahi dituena. Abiapuntu gisa, herrialdean azken hamarkadetan eman diren artikulazio politiko eta sozialeko prozesuek egindako bidea ebaluatu eta proiektatu nahi da, komunitateetatik bertatik diagnostiko bat jaso ahal izateko; ondoren, bizi-apustuak egiten dituzten esperientziak eta egungo heriotza-ereduaren aurrean defendatu behar diren jarrerak jaso; eta, azkenik, herrialdea bizitza duinerako posible egiteko asmoarekin herriek ekartzen dituzten proposamenak batu.
NEKAZARIEN GARAPENERAKO BATZORDEA (CODECA) GUATEMALA
CODECA nekazari indigenek osatzen duten erakundea da (gizonak eta emakumeak). 1992an sortu zen duintasunez bizitzeko eta lurra lantzeko beharra azpimarratzeko asmoarekin; gaur egun, nekazariei ukatu egiten zaie hori, landa-eremuan ematen diren lan-baldintza txarrak direla eta. CODECAn afiliatuta dauden nekazari-familien kopuru handi batek – % 90 baino gehiagok – ez dauka lurrik eta jornalari gisa lan egiten dute lur jabetza handietan.
Erakundeak honako helburu hauek ditu; nekazari-komunitateen bizi-baldintzak hobetzea, partaidetza, ekitatea eta gizarteratzearen bidez eraikiko den landa-garapena bultzatuz; landa-eremuetara zuzentzen diren politiken formulazioan eragitea, ekitatez parte hartuz, baita politikak formulatzeko prozesuan baztertuta dauden sektoreak sartuz ere; eta CODECAk landa-garapeneko politiketan eragiteko duen gaitasuna indartzea.
SAHARAKO PRESOEN ETA DESAGERTUEN SENIDEEN ELKARTEA (AFAPREDESA) MENDEBALDEKO SAHARA
AFAPREDESA 1989an jaio zen saharar errefuxiatuen kanpamentuetan, Aljeriako Tinduf hiriaren inguruan. Gobernuz Kanpoko Erakunde bat da, preso eta desagertu sahararren senideen ekimenez sortua. Besteak beste, desagertuen zoria ezagutarazteko, preso politikoak askatzea lortzeko, tortura desagerrarazteko eta giza eskubideak errespetatzeko lan egiten du.
Nahitaezko desagerpena da desagertutako pertsonaren senideek jasaten duten tortura psikologiko krudelena. Heriotza baino okerragoa da horri buruzko ziurtasunik eza. Medikuntzak eta psikologiak diote oinaze hori pairaezinagoa dela. 4.500 pertsona inguruk ezagutu dute nahitaezko desagerpena, kopuru handia saharar biztanleriarekin alderatuta.
AFAPREDESA Giza Eskubideen Afrikako Batzordeko kide behatzailea da, baita nahitaezko desagerpenetatik pertsona guztiak babesteko Nazioarteko Koalizioko kidea ere. NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan parte hartzen du Ginebran eta Europako Parlamentuan ere bai.