“SIERRA MADRE” ALIANTZA (ASMAC) MEXIKO
ASMAC 90eko hamarkadan sortutako erakundea da, eta Tarahumarako mendizerrako herriekin zein erkidegoekin lan egiten du, haien eskubide hauek sustatzeko: lurraren eta lurraldearen defentsa, elikadura, hezkuntza, kulturaren erabateko betearazpena eta euren lurraldeko baliabide naturalak eskuratzeko lehentasuna.
Indigenen eskubideetan espezializatutako erakundea da, aholkularitza juridikoa ematen die euren lurraldeen zein baliabide naturalen defentsarako eta eragin politikoa garatzen du gobernuko zenbait arlo eta mailatan. Era berean, agintariekin eta gizarte zibileko beste eragile batzuekin hitz egiteko prozesuetan parte hartzen du, erkidegoen eskubideen inguruko sentsibilizazioa sustatzeko asmoz. Horretarako, hiru ardatz nagusitan egituratzen du bere lana: herri indigenen giza eskubideen defentsa, kontserbazio biokulturala eta erkidegoen jasangarritasunaren sustapena, honako gai hauen bitartez: ura eskuratzeko aukera, elikaduraren segurtasuna eta lurzoruaren elkortasunaren aurkako borroka. Halaber, ASMACek honako hauexei ere laguntzen die: nahitaez lekualdatutako familiak; eraso, jazarpen eta mehatxuetako biktimak diren erkidegoetako liderrak; eta egiaren, justiziaren, kalte-ordainen eta berriro ez gertatzeko bermeen bila hil dituzten defendatzaileen familiak.
SAHARAKO EMAKUMEEN LIGA (MENDEBALDEKO SAHARA)
Saharako Emakumeen Liga emakume sahararren talde batek 2018an Euskadin sortutako elkartea da. Apurka-apurka, hedatzen joan zen, eta, orain, Estatu Espainol osoan, errefuxiatu sahararren kanpalekuetan eta lurralde okupatuetan ditu bazkideak.
Emakumeen talde hau honako helburu hauen alde lan egiteko bildu da:
Saharako emakumeek arlo soziopolitikoan duten zeregina indartzea.
Saharako emakumeak gizarteratzea.
Esperientziak trukatzea eta beste elkarte batzuetako beste emakume batzuekin duten lotunea sendotzea.
Ekintzaileak izan nahi duten emakumeei laguntzea.
Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako eta lurralde okupatuetako emakumeei laguntzea.
“VISITACIÓN PADILLA” BAKEAREN ALDEKO EMAKUMEEN MUGIMENDUA (“LAS CHONAS”) HONDURAS
“Visitación Padilla” Bakearen aldeko Emakumeen Mugimendua, edo, bere izen ezagunagoaren arabera, “Las Chonas”, 1984. urtean Hondurasen sortutako erakundea da. Jatorri antimilitarista du, eta atzerriko armadek herrialdean zuten agerpenaren aurka zegoen, indarkeria pizten zutelako eta batez ere emakumeek euren gorputzean sentitzen zituzten ondorioak sorrarazten zituztelako. Las Chonas erakundeak lan-ibilbide luzea egin du, sistema patriarkaleko egiturak eta horren ondorioz sortutako indarkeriak eraldatzeko.
Las Chonas erakundeak indarkerietako emakume bizirauleei laguntzen die, eta Honduraseko emakumeen oroimena berreratzeko lan egiten du, emakumeek borroka politiko, sufragista eta antimilitaristan dituzten zeregin handiak behin eta berriro ezkutatu direlako. Era berean, emakumeen partaidetzaren eta antolakuntzaren sustapenaren bidez, dibertsitate sozialaren eskubideak babesten ditu, tokiko oinarrizko zenbait giza talde elkartzen dituelako eta iritzi publikoan zenbait gai lekuratzen laguntzen duelako; esate baterako, indarkeria, feminizidioa eta gai horiek jorratzen dituzten legeak aldarrikatzeko premia. Horretarako, mobilizaziorako eta ziberaktibismorako ekintzak ere egiten ditu Chona Belaunaldi Feminista giza taldearen bidez.
Emakumeek euren gorputzaren inguruan duten autonomiarako eskubidea berresten du, baita indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea eta sexu zein ugalketa arloan dituzten eskubideen erabilera ere, funtsezko ardatzak direlako eskubideok errespetatu eta sustatu egiten dituen demokrazia eratzeko orduan.
Euren esanetan:
“Gaur, patriarkatuaren aurkako ASALDURA ETA DESOBEDIENTZIA adierazten ditugu jendaurrean, emakumeon aurkako gorrotoa eta indarkeria sustatzen dituelako, zoriontasunerako eskubidea gai-
tzesten digulako, ikusezin egiten gaituelako eta esparru publikoan parte hartzeko eskubidea debekatzen digulako, baina, batez ere, geure gorputzari buruz erabakitzeko eskubidea ukatzen digulako”.
“NUNCA PARES” (GUATEMALA)
Guatemalako unibertsitateetan, Emakumeen aurkako Indarkeriako Biktimen eta Senideen Elkarteak laguntasuna ematen die indarkeria sexualeko ikasle unibertsitario bizirauleei, eta, estatuko instituzioetan nahiz unibertsitateetan, indarkeria sexualeko biktimen arretarako protokoloak ezartzeko eskatzen du.
Erakundea 2020. urtean sortu zen, zenbait emakume unibertsitario Guatemalako San Carlos unibertsitateko “Nahigabeen Greba Batzorde Ohoragarria” anaiarteko kideak diren gizonen indarkeria sexualeko biktimak izan zirenean. Horrez gain, ospitalera eta Ministerio Publikora jo zutenean, medikuntzako zein justiziako langileek atzerapenez eta estigmatizatuta eman zieten arreta. Egitate horien ondorioz, halakorik berriro gertatu ez dadin, biktimak eurak eta senideak egitateak salatzeko hasi ziren antolatzen, eta, bertan, mugimendu feministako beste giza talde batzuk ezagutu zituzten. Orain, haiekin bat egin dute, eta, gaur egun, erakundeak hitza eta agerikotasuna ematen dizkie zigorgabetasun-egituran oinarritzen diren antzeko beste kasu batzuei.
“UNION OF PALESTINIAN WOMEN COMMITTEES” (UPWC) PALESTINA
UPWC erakundeak Palestinako emakumeen eskubideen defentsaren alde lan egiten du Israelgo okupazio militarraren testuinguruan. UPWCk Gazan eta Zisjordanian dauka agerpena, eta emakume palestinarren autonomia, gizonen zein emakumeen berdintasunezko harremanak eta gizarte-maila guztien berdintasuna sustatzen ditu. Bere helburuen artean, honako hauxe bultzatzen du UPWCk: emakumeen jabekuntza maila guztietan (maila sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalean), emakumeen partaidetza erabakitzeko prozesuetan, beste erakunde batzuekiko koordinazioa emakumeen mugimendu bateratua eratzeko eta emakumeen eskubideak bermatzen dituzten legeen sustapenerako eragin politikoa.
GUATEMALAKO ALARGUNEN KOORDINAKUNDE NAZIONALA (CONAVIGUA) GUATEMALA
Erakundea modu ofizialean sortu zen 1988ko irailaren 12an, emakumeek osa-tzen dute, gehienak jatorri maiako alargunak dira eta indarkeriako, txirotasuneko eta 36 urtez Guatemalan bizi izan zen barruko gatazka armatuko biktimak dira.
Erakundearen sustraiak 1985ean sortu ziren Guatemalako hiru departamentutan: Quiche, Totonicapan eta Chimaltenango. Hasteko, barruko gatazka armatuan senarrak galdu zituzten emakume alargunak koordina-tzen zituzten, eta herri maiaren zapalkuntza salatzen zuten. Hasi zirenean, batez ere landa-ingurunekoak ziren emakumeen gaitasuna zein mobilizazioa indartzea zuten helburu nagusi, bizia defendatzeko eta banakako zein taldeko eskubideen berri emateko, testuinguruan honako hauxe nagusi zenean: txirotasun gorria, giza eskubideen urraketa, analfabetismo-tasa handia, osasuna zein justizia eskuratzeko aukerarik eza eta erabakiak hartzeko guneetan jasandako bazterketa.
CONAVIGUAk eta beste erakunde batzuek funtsezko zeresana izan zuten informazioa eskaintzeko prozesuan, Historia Argitzeko Batzordeak (CEH) egindako “Guatemala: Isiltasunaren Oroimena” txostenean genozidioko egintzak egiten zirela eta emakume alargunen zein umezurtzen giza eskubideak urratzen zirela aitortu zedin.
Gaur egun, herrialdeko 11 departamentutan eta 49 udalerritan daude, eta 15.000 emakume baino gehiago erakundean daude afiliatuta. Gainera, alargunak ez diren beste emakume batzuk ere badira kideak, honako arlo hauetako arazo berberak dituztelako: bereizkeria, desberdintasuna, bazterketa eta eskubideen urraketa. Era berean, uste sendoa dute emakume moduan eta herri maietako jatorrizko biztanle moduan dituzten eskubideen aldeko borrokan.
NEKAZARITZAKO ETA ABELTZAINTZAKO FEDERAZIO NAZIONAL SINDIKAL UNITARIOA (FENSUAGRO) KOLONBIA
Kolonbiako nekazaritzako sindikatuen eta nekazari txikien ligen federazio handienetakoa da, eta 1976an sortu zen. Herrialdeko nekazaritza-gune gehienetan du agerpena, baina honako hauexetan, batez ere: Cauca, Arauca, Meta, Caqueta, Cundinamarca eta Magdalena Medio. FENSUAGRO erakunde demokratiko eta progresista da, eta nekazarien zein landa-inguruneko langileen sektoreek zuzentzen dute nekazarientzat eta landa-inguruneko langileentzat. Instituzio autonomoa eta independentea da Estatuari eta alderdi politikoei dagokienez. Erakunde internazionalista eta solidarioa da zapalkuntzaren aurka borrokatzen diren nekazarien sektoreekin eta munduko herriekin. FENSUAGRO Nekazarien Bideko kideak diren erakundeetakoa da, eta, horrez gain, zeresan handia du 2016ko Bake Hitzarmenaren ezarpenaren behaketan.
FENSUAGROrentzat honako hauexek dira elkarbizitzarantz, adiskidetzarantz eta justizia sozialdun bakerantz aurrera egiteko ezinbesteko baldintzak: oroimen historikoa berreratzea, egia argitzea, erabateko ordaina ematea, justizia eskuratzea eta berriro egingo EZ dela bermatzea, biktimen eskubideak dira-eta.
FENSUAGRO nekazaritza-erakunde aktiboenetakoa izan da azken 30 urteotako protesta sozialean: hegoaldeko koka-martxak, nekazarien mobilizazioak eta exodoak 80ko hamarkadaren amaieran, lurren berreskurapenak, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektorearen instituzionaltasunaren alde bulego publikoak hartzeko prozesua, hego-mendebaldeko 1999. urteko mobilizazio soziala, 2000. urtean Bogotako Bolivar plaza hartzeko prozesua, eskualdeetako nekazariek 2000ko hamarkadan egindako geldialdiak eta 2007ko nahiz 2013ko geldialdi nazionalak. Bultzatutako jardueretan parte hartu zuten. Hori dela eta, nazio-mailako eta nazioarteko aitortza lortu dute nekazarien eta nekazaritzaren industriako soldatako langileen borrokarako erakunde moduan.