I Foru Ibiltaria

NEKAZAL BATASUNEKO BATZORDEA – (CUC) GUATEMALA

Nekazarien Batasunerako Batzordea masen erakundea da, eta Guatemalako giza talde indigenek eta nekazariek osatzen dute. CUCek generoberdintasuna eta aniztasun etniko, kultural zein linguistikoa kontuan hartzen dituen landa-garapen integrala abian jarri behar dela defendatzen du. Erreferentziako erakundea da lurraren berreskurapenari zein edukitzari buruzko aholkularitza juridikoan eta laguntzan. Hona hemen bere lanaren helburua: landa-inguruneko erkidegoetan genero-berdintasuna sustatzea, erakundeak indartzea, landa-inguruneko langileen lan-eskubideak lortzea, erkidegoa eta ekoizpena garatzea eta herri indigenen nortasuna zein eskubideak suspertzea.

“LGTB ARCOIRIS” ELKARTEA (HONDURAS)

Honduraseko LGTB ARCOIRIS Elkartea erkidego Lesbiko Gay Trans Bisexualeko (LGTB) pertsonen taldearen ekimenari esker sortu eta sendotu egin zen, honako hauexen sustapenerako ekintzak garatu nahi zituzten-eta: giza eskubideak, eragin politikoa, osasuna eta GIB/HIESaren prebentzioa.

ARCOIRIS Elkarteak LGTB erkidegoari laguntzen dio arazoak eta premiak konpontzen, historiari begira bazterketa sozial, politiko, ekonomiko eta kulturaleko biktimak izan direla kontuan hartuta.

Proposamen askoren artean, elkarteak ahalegin nazionalak sustatzen ditu, honako arlo hauetako politika integrala garatzeko asmoz: giza eskubideak; osasun integrala, GIB/HIESari lehentasuna emanda; sexu eta ugalketa arloko hezkuntza; zientzia eta teknologia; eta eskubide sozioekonomiko zein kulturalen erabilerarekin lotutako beste arlo batzuk. Horretarako, Honduraseko gizarteko talde zaurgarrienetako batzuen jabekuntzarako eremuak eratu eta ireki egiten ditu, eta giza eskubideen, generoaren, sexualitatearen zein osasun integralaren arloko hezkuntza eskaintzen du.

Comayagüelako eta Tegucigalpako hirietan garatzen du bere jarduera.

IKERKETA ETA GIZARTE EKINTZARAKO ELKARTEA (NOMADESC) KOLONBIA

Ikerketarako eta Gizarte Ekintzarako Elkartea (Nomadesc) giza eskubideen erakundea da, eta laguntasuna zein aholkularitza soziojuridikoa ematen dizkie gizarte-erakundeei, sindikatuei, auzo-erakundeei, emakumeei, indigenei, afrooinordekoei eta nekazariei, giza eskubideen urraketetako biktimak direnean. Ikuspegi pedagogiko-ikertzaile eta soziojuridikotik lan egiten du, eta, era berean, eragin politikorako ekintzak ere garatzen ditu.Giza eskubideen defentsa integralerako pedagogia sortzea ere bada bere xedea.

Erakundeak nazio-mailako zein nazioarteko enpresei eta giza eskubideei buruzko zenbait azterlan egin ditu. Caucako mendebaldean, La Salvajina presa hidroelektrikoari eta bertan sortutako eragin sozioekonomikoei zein ingurumeneko eraginei buruzko azterketak egin zituen Nomadescek. Buenaventuran (Caucako bailaran), euren erresistentzia-lanean lagundu die erkidegoei, Kolonbiako portu handienaren hedapenaren eta tokiko biztanleen artean dituen ondorioen aurrean euren lurraldean jarraitzeko aukera izan dezaten. Giza eskubideen defentsan eta bakearen eraketan egin duen lanaren ondorioz, Nomadesceko taldea eraso bateko baino gehiagotako biktima izan da urteetan.

“PARO CÍVICO DE BUENAVENTURA” (KOLONBIA)

Buenaventurako hiriko biztanleek, euren eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak eskatzeko mekanismo moduan antolatuta, Gizarte Geldialdia egiteko erabakia hartu zuten, protestaldi baketsurako duten eskubidea kontuan hartuta. 2017ko maiatzaren 16an hasi zen, eta, bertan, udalerriko indar bizi guztiek bat egin zuten. Geldialdia erabatekoa izan zen, eta ekainaren 6ra arte iraun zuen, egun horretan gobernuak eta Gizarte Batzordeko kideek hitzarmena lortu zuten-eta.

Honako hauexek osatu zuten “Lurraldean Duintasunez eta Bakean bizitzeko Gizarte Geldialdiko” Batzordea: 110etik gora gizarte eta herri erakunde, irakasleak, langile informalak, erkidego beltzak, indigenak, auzo-ekintzarako batzak, pastoral soziala, merkataritzaren sektorea, garraioak (lurrekoak eta itsasokoak), ikasleak…

Gizarte Batzordeak portuko biztanleei dei egin zien, eta Nazio Batuei, Arartekoari, Nazioko Prokuradoretza Nagusiari, Udal Ordezkaritzari eta nazioko zein nazioarteko GKE-ei eskatu zien laguntasuna, giza eskubideen urraketak prebenitzeko eta Protestaldi Sozial zein Baketsuaren esparruan bermeak lortzeko asmoz.

“CONSORCIO OAXACA” (MEXIKO)

Oaxaca Partzuergoa erakunde zibil feminista da, eta emakumeen giza eskubideen errespetua zein erabilera sustatzen ditu, baita generoberdintasuna ere.

Erakundea 2003. urtean sortu zen, legegintzako eta politika publikoko prozesuetan eragina edukitzeko asmoz. Era berean, honako hauxe ere badu xede: herritarren sareen egituraketa sustatzea; emakumeen trebakuntza zein prestakuntza bultzatzea, haien eskubideak aitortu daitezen; eta demokraziarako, justiziarako eta gizarte-inklusiorako partaidetzazko gizartea eratzeko ekarpenak egitea.

Oaxaca Partzuergoa kasuetarako laguntasunean eta genero-indarkeriaren dokumentazioan nabarmentzen da Oaxacan. Halaber, bete-betean ere parte hartzen du Oaxacako mugimendu sozialean eta naziomailako eremu estrategikoetan. Oaxaca Partzuergoa Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileen Ekimen Mesoamerikarra eta Mexikoko Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileen Sare Nazionala bultzatzen dituzten erakundeetako bat da. Horrez gain, Oaxacako Giza Eskubideen Emakume Defendatzaile eta Ekintzaileen Sarea ere koordinatzen du. 2016an, La Serena Atseden Etxea ireki zuen Oaxacan. Autozainketarako nahiz atsedenerako lekua da, eta nazio zein eskualde mailako sareetan emakume defendatzaileen babes holistikorako sustatutako estrategiaren barruan dago txertatuta.

GIZA ESKUBIDEEN URRAKETETAKO BIKTIMEN ELKARTE SAHARARRA  (ASVDH) MENDEBALDEKO SAHARA

ASVDH elkartea lurralde okupatuetan giza eskubideak defendatzen dituzten ekintzaile sahararren talde batek sortu zuen Aaiunen, 2005. urtean.

Biktimen eta kontzientzia-preso ohien mugimendua da, eta Marokoko agintariek jazarritako edo espetxeratutako milaka lagunen eskubideen alde lan egiten du. Segurtasun-indarren larregikeriak salatu, erregistratu, ikertu eta legezko laguntza ematen du. Eragina ere suspertzen du NBEko mekanismoen bidez eta nazioarteko zenbait erakunderekin; esate baterako, Human Rights Watch edo Nazioarteko Amnistia.

ASVDH Mendebaldeko Saharako okupazio marokoarra salatzen duten erakundeetakoa zen, eta erdi klandestinitatean lan egin behar zuen. 2015ean, ordea, 10 urteko auzi juridiko eta administratiboaren ostean, Marokok lurralde horretan legearen arabera jarduteko aitortu zuen lehenengo erakundea izan zen.

“UNION OF PALESTINIAN WOMEN COMMITTEES” (UPWC) PALESTINA

UPWC erakundeak Palestinako emakumeen eskubideen defentsaren alde lan egiten du Israelgo okupazio militarraren testuinguruan. UPWCk Gazan eta Zisjordanian dauka agerpena, eta emakume palestinarren autonomia, gizonen zein emakumeen berdintasunezko harremanak eta gizarte-maila guztien berdintasuna sustatzen ditu. Bere helburuen artean, honako hauxe bultzatzen du UPWCk: emakumeen jabekuntza maila guztietan (maila sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalean), emakumeen partaidetza erabakitzeko prozesuetan, beste erakunde batzuekiko koordinazioa emakumeen mugimendu bateratua eratzeko eta emakumeen eskubideak bermatzen dituzten legeen sustapenerako eragin politikoa.