II Foru Ibiltaria

“NON VIOLENCE ACT IN WESTERN SAHARA” (NOVA) SAHARA

Indarkeriarik Gabe taldeak Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan lan egiten du. Gazte saharar boluntarioen taldea da, eta honako hauxe sustatzeko lan egiten dute: indarkeriarik ezaren kultura, Saharako herriaren erresistentzia baketsua, elkarrizketa, bakearen eraketa eta giza eskubideen zein baliabide naturalen babesa.
Indarkeriarik gabeko estrategiek kanpoko zailtasun askori aurre egin behar diete Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan. Indarkeriarik Gabeko Ekintzarako taldearen arabera, honako hauexek dira nabarienak: Nazio Batuak Saharako herriari autodeterminazio-eskubidea bermatzeko gai ez izatea eta negoziaketek porrot egitea, nazioarteko erkidegoak ezer egiten ez duelako. Hori horrela izanda ere, NOVAk topaketak eta foroak bultzatzen jarraitzen du “Bakerako Elkarrizketak” proiektuaren esparruan, eta indarkeriarik gabeko ekintzari buruzko tailerrak ere egiten ditu gazteekin, bakearen kultura eratzeko estrategiaren barruan.

LANDA INGURUNEKO LANGILEEN ZENTRAL NAZIONALA (CNTC) HONDURAS

CNTC 1985ean sortu zen herrialdeko zenbait mugimenduren proiektu bateratuaren ondorioz. Nekazarien aldarrikapenerako gremio-erakundea da, eta lurraren bidezko banaketaren alde borrokatzen da. Honduraseko Langileen Konfederazio Bateratura (CUTH) dago afiliatuta, eta Nekazarien Bideko kidea da.
Afiliatutako familia nekazariei laguntzea du helburu, lurra zein baliabideak eduki ditzaten eta, horrela, Hondurasen nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako eta arlo agroindustrialeko jarduerak garatu ditzaten, herrialdearen zati handiena landa-ingurunekoa dela eta lurraren edukitzako desberdintasunak nabariak direla kontuan hartuta. Izan ere, FAOko datuen arabera, nekazarien taldeek herrialdeko nekazaritza-gainazalaren %20 baino ez dute lantzen.
CNTCk aldarrikapenerako ekintzak antolatzen ditu, hezkuntzako prozesuak garatzen ditu eta baliabideak kudeatzen ditu, genero-ikuspegia kontuan hartzen duten nekazaritza jasangarriko ekoizpen-proiektu errentagarriak betearazteko. Horrez gain, kasuen ikerketak eta jarraipen juridikoa ere egiten ditu: diagnostikoak, lurrak legeztatzeko izapideak, kanporaketak eta prozesu horiengatik judizializatutako biktimentzako laguntasuna.

RETALHULEUKO ERKIDEGOEN KONTSEILUA (CCR) GUATEMALA

Retalhuleuko Erkidegoen Kontseilua (CCR) lurraldea eta giza eskubideak defendatzea helburu nagusi duen erakundea da, eta, batez ere, honako hauexei ematen die lehentasuna: ura edukitzeko eskubidea, bizitzeko eskubidea eta eskala txikiko nekazaritza garatzeko eskubidea. Retalhuleuko departamentuko 18tik gora erkidegok osatzen dute (Champericoko udalerrikoak dira, batez ere), eta Mam, K’iche’ eta Ixil herrietakoak dira. Euren egituraketa-prozesuaren osagarri, “Hegoaldeko Sarea” izeneko eskualdeko erakundeen sarean ere parte hartzen dute.
2015ean hasi ziren antolatzen, azukrearen monolaborantzaren hedapenak eta eskualdeko azukre-findegiek eskala handian erabilitako agrokimikoek zein pestizidek sortutako eraginei aurre egiteko. Monolaborantza horiek putzuak, ibaiak zein urmaelak kutsatu dituztenez eta lehorte larriak sortu dituztenez, eragin kaltegarria eduki dute ura eskuratzeko aukeran, eta bizibideak ere suntsitu dituzte. Hori dela eta, osasun-arazoak, desnutrizioa eta arnasketako zein giltzurrunetako gaitzak sortu dira.

PRESO POLITIKOEKIKO ELKARTASUNERAKO LANTALDEA (CSPP) KOLONBIA

Preso Politikoekiko Elkartasunerako Lantaldeak (CSPP) egia, justizia eta ordaina sustatzen ditu, arrazoi politikoengatik edo estatuaren bidegabekeriagatik askatasunaz gabetuta daudenen ordezkaritza juridiko eta humanitarioaren bitartez. Horretarako, ohiko justiziara, Bakerako Jurisdikzio Berezira (JEP) eta nazioarteko auzitegietara jotzen du, askatasunaz gabetutakoen, delitu politikoengatik auziperatutakoen edota protesta sozialean parte hartzeagatik judizializatutakoen tratu duinerako eskubidea, bidezko epaiketa inpartzialerako eskubidea eta gainerako eskubideak bete daitezen.
Sortu zenetik 45 urte baino gehiago igaro ostean oraindik ere CSPPk askatasunaz gabetutakoen eskubideen sustapena helburu nagusi daukan arren, lan horri beste lan-lerro batzuk gehitu zaizkio apurka-apurka. Besteak beste, lantaldeak biktimei ematen die arreta, baina, batez ere, estatu-krimenetako biktimei, nahitaezko desagerpenetako biktimei eta judizioz kanpoko exekuzioetako biktimei. Era berean, aholkularitza ere ematen die lider sozialei. Horrez gain, lantaldeak zigorgabetasunaren aurka ere lan egiten du.

JUSTIZIAREN ETA BAKEAREN ELIZARTEKO BATZORDEA (CIJP) KOLONBIA

Hiru hamarkadatik gorako epean, Justiziaren eta Bakearen Elizarteko Batzordeak landa-inguruneko eta hiri-inguruneko pertsona eta antolaketa-prozesu afrokolonbiarrei, indigenei eta mestizoei lagundu die, gatazkaren eta indarkeriaren eraginpean egon direnean. CIJPk Chocoko, Caucako, Caucako bailarako, Metako eta Putumayoko departamentuetan du agerpena, eta tokiko erkidegoei laguntzen die estatuaren aurrean nahiz eragile pribatuen aurrean euren eskubide ekonomikoak, sozialak, kulturalak, ingurumenekoak, zibilak eta politikoak eskatzen. Horretarako, lurraren eta lurraldearen defentsaren esparru juridikoan, egia argitzen laguntzen die, baita pertsonek zein erkidegoek politika, ingurumen eta gizarte arloan jasandako indarkeriako egitateen zigor judiziala lortzen ere. Horrez gain, laguntza psikosoziala ere ematen diete, indarkeriaren ondorioz sortutako eraginak kudeatzeko.
2016an Kolonbiako gobernuak eta FARCeko gerrillak Bake Hitzarmena sinatu baino askoz lehenago, erakundeak bakearen eta justiziadun demokraziaren eraketa sustatu du, eta, horretarako, honako arlo hauetako esperientziak bultzatu ditu erakundeen laguntasuna jasotzen duten erkidegoetan: oroimena, egiaren baieztapena, justizia eta ordaina.

“LIBERTAD” KORPORAZIO JURIDIKOA (CJL) KOLONBIA

Libertad Korporazio Juridikoa 1993an sortu zuen zuzenbideko profesionalen talde batek, Medellingo hirian giza eskubideak arlo juridikotik defenditzen eta sustatzen zituen erakundea eratu beharra zegoela sentitu zutenean, justizia soziala eskaintzen duen bakearen eraketa sustatzeko asmoz. Bere lanaren ikuspegi nagusietakoa nahitaez lekualdatutako edo nahitaez lekualdatuak izateko arriskuan dauden erkidegoen defentsa eta laguntasuna dira, baita hiria “garatzeko” proiektuengatik edo meatzaritzaren zein energiaren arloko proiektuengatik kanporatuak izateko arriskuan dauden biztanleena ere.
CJLk tokiko erkidegoei eta erakundeei laguntzen die zigorgabetasunaren aurka borrokatzen eta oroimen historikoa eratzen, talde paramilitarrek eta estatuko agenteek egindako krimenak ahaztu ez daitezen. Arlo horretan, CJLk estatuko krimenetako biktimak ordezkatzen ditu (batez ere, judizioz kanpoko exekuzioetako edo nahitaezko desagerpenetako biktimen senideak), baita judizializazioak jasaten dituzten giza eskubideen defendatzaileak ere.

“SIERRA MADRE” ALIANTZA (ASMAC) MEXIKO

ASMAC 90eko hamarkadan sortutako erakundea da, eta Tarahumarako mendizerrako herriekin zein erkidegoekin lan egiten du, haien eskubide hauek sustatzeko: lurraren eta lurraldearen defentsa, elikadura, hezkuntza, kulturaren erabateko betearazpena eta euren lurraldeko baliabide naturalak eskuratzeko lehentasuna.
Indigenen eskubideetan espezializatutako erakundea da, aholkularitza juridikoa ematen die euren lurraldeen zein baliabide naturalen defentsarako eta eragin politikoa garatzen du gobernuko zenbait arlo eta mailatan. Era berean, agintariekin eta gizarte zibileko beste eragile batzuekin hitz egiteko prozesuetan parte hartzen du, erkidegoen eskubideen inguruko sentsibilizazioa sustatzeko asmoz. Horretarako, hiru ardatz nagusitan egituratzen du bere lana: herri indigenen giza eskubideen defentsa, kontserbazio biokulturala eta erkidegoen jasangarritasunaren sustapena, honako gai hauen bitartez: ura eskuratzeko aukera, elikaduraren segurtasuna eta lurzoruaren elkortasunaren aurkako borroka. Halaber, ASMACek honako hauexei ere laguntzen die: nahitaez lekualdatutako familiak; eraso, jazarpen eta mehatxuetako biktimak diren erkidegoetako liderrak; eta egiaren, justiziaren, kalte-ordainen eta berriro ez gertatzeko bermeen bila hil dituzten defendatzaileen familiak.

EMAKUMEEN IKASKUNTZEN ZENTROA (CEM-H). HONDURAS

Honduraseko Emakumeen Ikaskuntzen Zentroa (CEM-H) 1986an sortu zuten ideologien, instituzio erlijiosoen eta alderdi politikoen eraginik ez zeukan erakunde feminista moduan. Emakumeek emakumeentzat eratutako eremu autonomoa da, jakitateak zein jakintzak partekatzeko, botere kolektibo horizontal, sortzaile eta emantzipatzailea edukitzeko eta, horri esker, emakumeek Honduraseko sistema patriarkalean jasaten dituzten zenbait indarkeriari, bereizkeriari eta zapalkuntzari aurre egiteko.
Erakunde feminista da, eta emakumeen giza eskubideak sustatu eta defendatzen ditu bizimodu onaren mesedetan, emakumeen eta feministen mugimenduaren proiektu politiko emantzipatzailea sustatzeko asmoz. Horretarako, banakako eta taldeko eraldaketa-prozesuak sortzen ditu emakumeen bizitzan, esparru publikoan nahiz pribatuan. Era berean, ahaleginak ere egituratzen ditu gizarte-mugimenduarekin, emakumeen zapalkuntza, bereizkeria historikoa, indarkeria eta pobrezia sorrarazten dituzten jarduketa eta pentsamendu patriarkalak, kapitalistak eta arrazistak desagerrarazteko.

SAHARAKO EMAKUMEEN BATASUN NAZIONALA (UNMS) MENDEBALDEKO SAHARA

UNMS (Saharako Emakumeen Batasun Nazionala) masen erakundea da, Fronte Polisarioarekin dago lotuta, Saharako emakumeak ordezkatzen ditu eta funtsezko zeregina betetzen du errefuxiatuen kanpalekuetako sostenguan eta Saharako herri osoaren garapenean.
1974an sortu zen, herri osoak bat egin behar zuelako autodeterminaziorako eskubidearen alde eta oso garrantzitsua zelako emakumeek Saharako gizartean dituzten agerpena eta protagonismoa agerian jartzea.
UNMSen ustez, emakumeek zeresan handia dute gizartearen sustapenean nahiz garapenean eta etorkizun hobearen eraketan. Horretarako, garapenerako programak jartzen ditu abian zenbait arlotan, eta behar besteko taldeak prestatu eta trebatu egiten ditu, erakundearen maila handitzeko gai izan daitezen eta zenbait eremutan parte hartu dezaten: politikoa, soziokulturala eta profesionala. Hartara, emakumeak funtsezko elementua izango dira erabakiak hartzeko orduan eta guztiei aukera-berdintasuna eskaintzen dien gizarte demokratiko tolerantea eratzeko orduan.